XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Handik hur Manaus hiriari hain ikutu berezia ematen zion Educandos ibaiertza zegoen.

Ur bazterreko etxe apal guztiak, egurrezko zutabe batzuei esker, uraren orduko mailatik oso gora zeuden.

Izan ere, ekainerako ibaia nahiko jaitsita zetorren, baina euri bortitzen sasoian, abendutik maiatza arte, uraren maila asko igotzen zen, hamabost bat metroko gora-behera ere egon zitekeen, eta oholez oso modu txiroan eraikitako etxe haiek mehatxu hartatik salbu gorde behar ziren nola edo hala.

Edozein modutan ere, toki ikusgarri batzuk egon arren, Manaus hiria ez zen lar atsegina.

Bertako biztanleek, bestalde, ez zuten ohiko brasildarrak ematen.

Ez zituzten ageri bertako gehienei suposatzen zaizkien ezaugarri tipiko edo topikoak: jatortasuna, alaitasuna, abegikortasuna...

Alderantziz, bezero bila zebiltzan gidatzaile profesionalak salbu, jende gehiena oso serio eta hotza zen.

Pentsa zitekeen han, leku guztietatik urrun eta ganorazko komunikabiderik gabe zegoen hiritzar hartan, gogoz kontra zeudela, erbesteratuta bezala sentitzen zirela.

Agian berotasun falta hura egoera ekonomiko txarraren errua izango zela, edo hiri nagusietako giro normala halakoa izan zitekeela bururatu zitzaidan.

Manausi buruz nituen azken berrien arabera, hiria gainbehera zihoan eta gero eta arriskutsuagoa zen bertako kaleetan ibiltzea.

Horregatik, bidaiaren lehenengo egunetan, sakelan diru mordoa neukala, beldur izan nintzen eta mesfidantzaz ibiltzen nintzen nire ostatu apalaren inguruko auzo zaharrean nahiz bestelako lekuetan.

Baina hasierako susmo txarra berehala pasatu zitzaidan.